Lau omen dira ilargiaren
Janzte martingalak;
lau omen dira gure lurraren
puntu kardinalak;
lau haize klase; bat,bi,hiru,lau
lehengai printzipalak
Lau kanta eder merezi ditu
Bion eginahalak
Urteak edo amodioak
ditu lau urtaro:
udaberria ataria da;
Udara, abaro;
Udazkenean fruitua franko
ganbaran oparo;
negua hotzik iluna dator...
Agurra da, klaro!
Lau bertsotako sortatxo honek
baldin badu funtsik,
ez zaitu behintzat hotzak utziko;
hotzak edo hutsik.
Zure aldetik ez bada noski
jarrera zaputzik
gu biokin bat kantatuko du
lau mila bihotz hautsik
Lau omen dira ilargiaren
janzte martingalak;
lau omen dira gure lurraren
puntu kardinalak
lau haize klase; bat,bi,hiru,lau
lehengai printzipalak...
Lau kanta eder merezi ditu
bion eginahalak
Maitasuna zer den, kandelak dit irakatsi:
Pizten bada, ezin luzaro iraunarazi
Ta, pizten ez bada, berriz, ez argi, ez bero...
Bitxia da, gero!
Guk ere geurea piztu genuen aspaldi
Eta handik hona gutxitan zaigu itzali.
Orain agortu da, eta, egia esanda,
Ederra izan da!
Ez, Gurea ez da, laztana, porrota izan.
Ez, Ni guztiz urtu bainaiz zugan
Eta zu betirako nigan
Kandela bereak emanda urtzen denean
Arrasto goxoa geratzen da oroimenean.
Elkarren berotan bizi izan ditugunak
Bai une kuttunak!
Argi eta bero, oroitzapenak hor dirau
Eta gure baitan sekula ez da izango gau
Ederra izan da, eta oroituz izango
Are ederrago.
Ez, Gurea ez da, laztana, porrota izan.
Ez, Ni guztiz urtu bainaiz zugan
Eta zu betirako nigan
Ilargiak beti argi,
badu zerbait bolbora…
Hala nola zu etorri
zinenean albora.
Su-txinpart bat eztiro zen
piztu ene kolkora,
egunekin piztenago
joan zena. Ilgora.
Zazpi egun igarota
ilgoratik ilbete…
Hala nola zuk ninduzun
bat-batean ni bete.
Baldin gera ahal balitza
une hori nahi beste,
amodio eztietan
sekulako gintezke.
Biraoka hasita’re
zeru-lurren airera,
ilargia ezin inoiz
genezake, ai!, gera.
Amodio ezti honi
heldu zaio ilbehera:
zein latza den bihotzean
hotza eta minbera!
Bihotz biok triste daude
hotz eta min hilgarriz.
Hala ere, nirea dut
zure-eztien egarriz.
Erleari ezin zaio
eztirik ken ilberriz:
biontzako maitasuna
piztuko da su berriz.
Nire begiak,
Zureetara ohituegiak,
Itsu dira kolpetik
Utzi ninduzuenetik.
Zure argiak
pizten baititu nire begiak,
Gaur, atzo, bihar, noiznahi
Han, hemen, hortxe, nonnahi
Zu, oinez Kaixarrean
Zu, adatsa airean,
Zu, Jaizkibel aurrean
Ikusgarri, eder, itsugarri
Zu, uda eta negu
Zu, itsas eta zeru
Zu, soil-soilik zu.
Begiak zabal,
Deus ere ez dut ikusten ahal:
Argia zor badizut,
Zuregatik naiz itsu.
Begiak itxi
Eta dena ikusten dut argi:
Egon arren urruti,
Zu hortxe zaude beti.
Zu, Berlin inguratzen
Zu, begiak kliskatzen,
Zu, Paris argiztatzen,
Ikusgarri, eder, itsugarri
Zu, bide ta helburu
Zu, sabai eta zoru,
Zu, soil-soilik zu.
Egunsentia
Lehiotik ohi da ageri...
Zure begiak
Dakarkit argia neri.
Goizero esnatzean
Etzana ohatzean
Pozetan naiz pizten
Txorien antzean
Zu zaitudalako
Argien atzean.
Ez dizut
Esan oraindik
Zenbat, ene!,
Maite zaitudan nik.
Eguneroko
Nekeak eta afanak
Zure begiek
Arintzen dituzte danak
Ibili nabilela
Makalean goibela
Indarra datorkit
Instantean bela
Zure begiez
Oroitzen naizela
Gauero gero
Dena denean beltz jartzen
Zure begiek
Zerua didate hartzen.
Izar eta ilargi
Esango dizut garbi,
Zu zaren medioz
Daudela hain argi.
Bi begi eder,ai!,
Ditut nik izar bi.
Zuriak sendatzeko
Espresuki urrunduak,
Desirak ezin gordean,
gaur arantzako bidean
Elkartu gaitu munduak.
Oinazeei ihesi
Zurekin bizi ezinik,
Hemen naiz berriz, maitea,
Zu gabe bizirautea
Gaitzago dela jakinik.
Oihan eta desertu,
Hain urrun eta hain gertu,
Atzo, ase, gaur aspertu...
Oihan, itsaso, desertu,
Hain urrun eta hain gertu
Hondartzaren gorrian dabil neskatila
Jolasean, beretzat gaztelu bila...
Bi eskuez egin du hondarrezko pila:
Inon printzerik bada, etor dadila
Hondartzaren gorrian ur-balde berdea
Horra egin gaztelu txit fuertea.
Hutsik dago, ai, baina: falta du gortea
Inon printzerik bada, non da gordea!?
Hondartzaren gorrian itsasoa urdin
Neskaren aurpegian begiak berdin.
Gazteluko atea zabalik du egin,
Inon printzerik bada, handik sar dadin.
Hondartzaren gorrian gaztelua txuri
Neskatxak ur gazia baitu ixuri.
Egingo ez bazaio pena ta mintxuri,
Zatoz, bada, printzea: zure zain dirudi!
Masustak lau kolore
Ditu sasian:
Guk ere lau tenore
Gure bizian
Zuri berde gorri beltza behin banan
Zuritikan beltzaraino pozak txandan
Aspaldi udaberrian
Agertu zinen herrian
Mendiko elurra bezain
Txuri ta eder...
Gero hosto-berdatzean
Txoratu ginen trantzean,
Jakinki berde eternorik
Ez dugula ezer.
Masustak lau kolore
Ditu sasian:
Guk ere lau tenore
Gure bizian.
Zuri ginen jaio eta berde bizi
Gorritikan beltzaraino lau gutizi
Ene eper zango gorri,
Gero uda zen etorri:
Ilargia gauetan zen
Lotsas guri so.
Baina heldu zen atzena
Orain eza da beltzena:
Ez zaude, izan zarena
Ene paradiso!
Izaretan, izarretan
mila muxu…
ene izarñoa zara zu.
Izaretan barneratzen nauzularik
izarretara naramazu.
Maitasuna neu bezain ero denez,
eromenez, eromenez…
eztizko jantzi bat egingo dizut
zirrara ohilon omenez.
Izaretan, izarretan
mila muxu…
izarretara naramazu.
Harrapatu nauzu, ene sorgina,
krabelina, erregina.
Zuri helduta nahi dut gaur lokartu…
ai, esnatuko ez bagina!
Izaretan, izarretan
mila muxu…
izarretara naramazu.
Iragana ta geroa
Bi-biak daude zugan urtuak.
Zure baitan batzen zaizkit
hain maite(ak) ditugun lekuak.
Toki bera ez al dira
Guadalupe eta Montmartre?
Zurekin bada, baietz
esango nuke, hain zaitut maite.
Iragana ta geroa
Bi-biak daude zugan urtuak.
Zure baitan batzen zaizkit
hain maite(ak) ditugun lekuak.
Guadalupen sortu zen behin
gure bizitzaren soinu banda,
ta sarri Montmartreko
esku soinuak hartzen du txanda.
Alferrik bilatuko duzu mapetan Paris,
ez baitago Frantzian, gure baitan baizik.
Horregatikan, maite, jakin zazu, jakin
non dugun guk Paris:
zuk niregan, zuregan nik.
Zu ondoan bazaitut, edonon eta nonahi,
Infernua bera're bihurtzen zait Paris.
Ai, baina zu nirekin ez bazaude, berriz
Dena da alferrik:
Mundua, ni eta Paris.
Urtetan elkarrekin
Bizi-izan ginen gu biok eta,
Urtetan elkarrekin
Sentimendutik ihes gordeka.
Isiltasuna betiko
Egin zaigu, eta kito.
Begiratzen zintudala
Errege bati bezala,
Errege bati bezala zehazki,
Zu zintudan lagunik onena,
Hoberik ez inorena.
Munduan biok, gu aski.
Urtetan genituen
Hitzak ohituraz hotzik zuzendu;
Urtetan genituen
Amodioak mutu mantendu.
Bihotza daukat mailuka:
" Maite nuen ba!" oihuka.
Musuz musu ez esanak
Ametsetan datoz danak:
Lotan nagola bizi naiz ni zutik.
Hau nahi dizut garbi utzi behintzat:
bihotzean zaramatzat,
Kendu ezin zaitut burutik.
Zugandik abiatzen naiz
berriro zugana iristeko.
Bidea ere zeu zarenez,
Zorionez betiko preso nago.
Zugandik abiatzen naiz
berriro zugana iristeko.
Zu ikasten nabil beti baina
gehiena dut oraindik ikasteko.
Sei letraz sortu dizut izena,
zeruan sarrarazten nauena,
pasahitz eta abrakadabra:
Mireio, besterik ez dut nik ezertarako nahi.
Zu gabe ezin jakin nor naizen,
Zu gabe ezin jakin zer naizen,
Zu gabe ezin jakin banaizen,
Zu gabe bizitzerik ez daukat nik…
Zaude nirekin,
ez utzi ni, zaude, zaude.
Zugandik zugana iristean,
goxa nazazu zure baitan.
Bihurtu kantuak laztan,
ez ezer esan,
jarraitu laztanik laztan.
Zugandik zugana heldu arren,
bidea ez bedi buka hemen.
Aurrera begira zer egin nahi dudan?
Zugan galtzea, zugan, zugan.
Begiak itxi ta zugana
aldiro narama
pentsamenduak hegan.
Xoriño dardarti airosa,
txispa, bizi-poza
aurkitu dut zuregan.
Zure bi izarrei begira
ninitik ninira
egona naiz bostetan,
arnasak arnasa berotuz
zentzuak erotuz
eta eskuak eskutxoekin jostetan.
Oharkabe nahasirik
zure amaraunean,
hatsak ulertarazi dit
sar nadila barnean.
Intziri, hasperen, izerdi…
gorputz bakar eta plazer bi,
ondoan bazintut gaitz erdi
esnatzen naizenean.
Itzarri bagara, itzarri,
estu eta larri
elkar kausitu arte.
Noizbait hil nahiko baninduzu,
joatea aski duzu,
zure agurrak ene azkena lekarke.
Gau eder eta garbia
Izarren ametsa dakarrena
Poztasun berria
Gure artean geratu dena
Tan tan tan tan
Aldaba jo haur txiki bat
Atean dago
Urteak joan etorri
Beti izango dut goguan
Ametsak amets
Aitona zenaren onduan
Bilin bolon
Kanpaiak kantari daude
Umeak pozez
Zeru urdin argia
Izarrez josia
Iritsi da gure
Pozgarria
Maitasun goxuak
Berriz ere gure artean
Laratzaren beruan
Aitonan etxeko sukaldean
Tilin talan
Eskilak goxo eta arin
Haurrak lo egin
Bateria eta perkusioak
- HAITZ OSTOLAZA
Kitarapala
- MIKEL ATXEGA
Pianoa eta Sinteak
- AITOR AMEZAGA
Kitarrak
- XANET AROZENA
Kitarra, mandoliña, banjoa, stil guitar
- JOHN McLARRIGAN
Bioliña
- IÑIGO SALABERRIA
Ahotsa eta Musika
- MIKEL GARIKOITZ
Koruak
- OLAIA TORAL, DENIS RUIZ, IÑIGO ASENSIO, ELENE ARANDIA, MIRIAN ARANDIA, JOSUNE ARANBURU, IZARO SAIZAR, IÑIGO SALABERRIA, GOTZONE OIARZABAL
Hitzak
- JESUS MARI MENDIZABAL, JOSERRA GARZIA, XABIER EUZKITZE, XABIER GEZALA
Gonbidatu Bereziak
- TXOMIN ARTOLA (Ahotsa) Ilargiarenak. XABIER EUZKITZE (Ahotsa) Izaretan izarretan, Atzo ase gaur aspertu, Bostetan jostetan.
OLAIA TORAL (Ahotsa) Mariage. ISIDRO LARRAÑAGA (Eskusoinua) Mariage, Ilargiarenak. ANDER ZUBILLAGA (Kitarra) Izar bi, Urtetan elkarrekin. OIER ETXABURU (Sinteak) Mariage.
OSCAR TXABARRI (Tronpeta) Mariage. JESUS CASTILLO (Tronpeta) Mariage.
ekoizpena
- MOLATU PRODUKZIOAK
Soinu teknikariak, grabaketa eta nahasketak
- JONAN LARRAÑAGA ETA ANDER ZUBILLAGA
Eszenografia
- IKER GARTZIA
Diseinua
- ORBELA KOMUNIKAZIOA
Argazkiak
- FERNANDO DE LA HERA
Ikus entzunezko ekoizpena
- FORMATOO MEDIA
Eskerrak
-
SEBASTIAN JATETXEA, MIGUEL SOTO, MARTA GARBIZU, AITOR AMEZAGA, ANTZA KOMUNIKAZIO GRAFIKOA, TIRIKITRAUKI MUSIKA DENDA, MM CREATIVOS DISEINU ESTUDIOA, ORBELA.